Katxiporreta

Ongi Etorri

Ongi Etorri!

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo-taldea gara, euskara eta alaitasuna uztarturik, urtero gai jakin bati lotutako balio eraikitzaileak jorratzen dituena.

Pailazoak izanik, antzerki-ikuskizunak sortzen ditugu, urtero bat berria. Ikuskizun horretan gai bat aukeratzen dugu lantzeko, eta, antzerkiarekin batera, kantua eta dantza dira gure tresnak balioak helarazteko.

Gizartean ikusten ditugun gaietatik sortzen ditugu ikuskizunetarako gidoiak: elikagaien kalitatea eta jatorria, ekologia, kultur-aniztasuna, etorkinen egoera, familia-ereduak… Aukeratutako gaiak gai sozialak dira. Urtero konpontzen dugu mundua, asmo horrekin abiatzen baikara, eta, hurrengo urtean, berriz ere konpontzeko gaia aurkitzen dugu. Inguruan erakusten diguten mundu zuri-beltza gure koloreetako begietatik pasatzen dugu, eta saiatzen gara mezu baikorrak proiektatzen, eraikitzaileak, lantzen ditugun gaien inguruan. Hori da gure xedea eta lana.

Zuzeneko antzerki-ikuskizunez gain, bitarteko desberdinak erabiltzen ditugu gure lana eta mezua helarazteko. Musika-disko bat argitaratzen dugu urtero, aukeratutako gaiarekin eta antzerki-ikuskizunarekin lotutako ipuintxoak eta abestiak biltzen dituena. Halaber, DVD bat kaleratzen dugu, egiten ditugun ikuskizunekin, eta landu dugun gaiarekin zerikusia duen erreportajeren batekin.

Bestalde, ipuinak ere kaleratzen ditugu: haur txikiei begira, kartoizko ipuinak, gai ezberdinak lantzen dituztenak; handixeagoak diren umeentzat ere baditugu ipuinak, karta-jokoak, jolasak, puzzleak eta abar. Eta horien bidez ere helarazten dugu gure mezua.

Guri buruz gehiago jakin nahi baduzu wikipediako orri honetan aurkitu dezakezu informazio ugari.