Igande honetan, abenduak 22,  Anaitasunak betekada izango du, bi egunetan agortu baitziren, atera orduko, 2500 sarrerak. Egiaz, euskararen, alaitasunaren, elkartasunaren eta koloreen betekada izango da. Etxetik eramango ditugun eskuargi, kopetargi, eta ipurtargiekin, gainera, Iruñea iluna argituko dugu denon artean.
Iruñeko alkatearen eta gobernu taldearen itsu-itxikeriak pailazoak ezohiko neurriak hartzera eraman gaitu. Sudurgorriok ez dugu gezurrik esaten, eta hitza eman genien gure laguntxoei eta familiei urtea amaitu aurretik Iruñean elkartuko ginela. Eta hala izango da, nahiz eta horrek esfortzu berezia eskatu digun. Datozen urteotan euskaldun aurrerazale guztioi gure eskubideen arabera bizitzeak ere lanak emango dizkigu. Non eta gure herrian… eta gure hizkuntzan.
Baluarten azken urteotan bezala saioa eskaintzeko sinatutako kontratua bertan behera utzi zuenetik, Alkatea eta bere taldekideak gezurretan, entzungor eta zakar aritu dira, hitzari eta elkarbizitzari tarterik utzi gabe. Arartekoak lehenik eta Nafarroako kontseiluak gero, kontratua bete zezan aholkatu zioten Udalari eta horretara gonbidatu zuten, sinatutakoaren zilegitasunaz oharraraziz, baina oraindik ere ezetza eta zuri-beltza dira nagusi Iruñeko agintarien buru eta bihotzetan.
Anaitasunaren koloretako festaren ondoren, beraz, kapitulu gehiago idatzi beharko ditugu eta abentura berriak bizi. Eleberri beltza koloretako ipuin bilakatuko dugu, elkarrekin eta elkarturik…
Mila-pila esker, Iruñea! ZENTSURA PUTZURA! GORA EUSKAL IRRIA!
#Anaitasuna #Zentsuraputzura #pirritxporrotxetamarimotots

Erantzun bat

  1. Eunatek dio

    Gora zuek eta gora zuen irrifarreak!
    Oraingoan be aurrera egitea lortu dozue!
    Maitasuna eta argitasuna zarie. Eskerrik asko beti

Idatzi zure iruzkina!


Gune honek Gavatar erabiltzen du.
Azaltzen den iruditxoa aldatu nahi dezu? Hemen egin behar dezu.