Gaur, abenduak 3, Euskararen nazioarteko eguna da. Festa bikoitza dute Nafarrek, Nafarroaren eguna ere badelako. Pailazo taldeak Irurtzunen ospatuko du egun berezia, Irrien Lagunak emanaldia eskainiz, bertaratutako lagunekin euskaraz irri, kantu eta dantza eginez.
Euskara gu guztion altxorra da, ez ezkutuko kobazuloren batean gordea, euskaldunok ezpainetan duguna baizik, elkarrekin partekatzeko, nik zuri eta zuk niri, muxua bezalaxe. Euskaldunak gara, eta euskaraz bizi nahi dugulako, haur eta gazte, aita-ama eta seme-alaba, guztiok saiatu behar dugu egunero euskaraz egiten, baita ongi ez dakienarekin ere, ziur aski guk uste baino gehiago entendituko baitu! Hitz egiozu euskaraz, opari bat egiozu!
Euskal Herriko hainbat ikastetxetan orotariko ospakizunak egingo dituzte. Ikastoletan, esaterako, Argitxoren bisita izango dute, gaur bere urtebetetzea baita! Hortaz, Zorionak, Argitxo! Iratxo txintxurri honek argi egiten dio euskarari, eta luzaro jarrai dezala honetan, ez da lan makala gero!
Gaurkoan Txan magoari hitz magikoak eskatuta, ozen esango dugu:
ARTXILA MURTXILA, EUSKARA SUSPERTU DADILA!
Helduentzat bada gaurko prentsan Euskararen egunaren inguruko gogoetarik, hala nola: berria.info edo gara.net helbideetan.
Txaranga Eguna antolatu dute Tolosan abenduaren 20rako, Erramun Oiartzabal musikari eta saxofoilariaren errehabilitaziorako diru kutxa bat sortzeko asmoz. Erramun hemiplegiko geratu da irailaren erdialdera pairatutako garun ictus baten ondorioz. Jaso beharreko tratamenduen kostuei aurre egiteko eta Erramuni elkartasuna adierazteko festa eguna izango da 20koa:
12,00etatik aurrera herriko kaleak alaituko dituzte txarangek eta musika taldeek.
14,00etan txarangak Plaza Berrian bilduko dira eta Zerkausian bazkari herrikoia egingo da.
Bazkariaren diru irabazia laguntza-kutxara bideratuko da. Tiketak salgai jarriko dituzte Tolosako, Errenteriko, Irungo, Donostiako eta Pasaiko hainbat tabernatan.
Informazio gehiago nahi izate aldera: 677 024 689 (Ixak)
Laguntza-kutxarako kontu korronte zb.ak: KUTXA GIPUZKOA: 21010022040127112951 / EUSKADIKO KUTXA: 30350026260261119578
AUPA ERRAMUN!
Zallan izan ginen igandean, azaroaren 29an. Ederki pasa genuen bertaratu ziren Irrien Lagunekin, katxiporreta!
Porrotx, zaleak zirikatzen
Adi-adi
Atzo, azaroak 30, gure azken lanak aurkeztu genituen Bilboko Kafe Antzokian: Piratak DVDa, ikuskizunaz gain, erreportaje interesgarriak dituena, etxeko pirata handi zein txikientzat. Irrien Lagunak CDa, hogeina ipuintxo eta abestiz osatua: ikasturteko hogei bizipen kontatu eta kantatu ditugu bertan. Maitasunez ikasutakoa ez dugu sekula ahaztuko. Izenburu bera du, Irrien Lagunak, gure IKUSKIZUN berriak. Aurtengoan zuzeneko musika ari gara eskaintzen, Xabier Zabalak eta Idoia Uraldek lagunduta.
Aurkezpenean izan ziren Bilboko Konpartsetako ordezkariak ere, abenduaren 26an Barakaldoko BECen ospatuko dugun Irrien Festa Mundialaren berri emateko. Bilboko lagunez gain, Tolosako Bonberenea Txaranga, Tolosako Buruhandi eta Erraldoien Konpartsa, eta hamaika lagun kilikagarri izango dira pailazookin batera. 9200 sarrera salduta, agortuta dira jada.
Hau guztia Urretxindorra ikastolako ume txintxurriek lagunduta egin genuen. Eskerrik asko guztiei, kutxiflusak!
Ederki pasa genuen larunbatean Eskoriatzako eta inguruetako lagunekin batera, kantu, irri eta dantza! Artean, ustekabea ere izan genuen: Elefante gizarajoa oholtzatik behera joan ez zitzaigun ba! Zaudete lasai, lagunok, ongi dago eta! Ubeldurak ditu gerri aldean, baina amona Josefinaren ukenduarekin berehala pasako zaio. Aupa elefantea! Honats, saioko irudi batzu.